Irulegi, Ezkaba eta trafiko eskumena, Espainiaren eta EH Bilduren arteko aurrekontu akordioan

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 22a, 13:42

Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatua, artxiboko irudian.

Nafarroako trafikoaren transferentzia 2023ko martxoaren 31 baino lehen iristea adostu dute EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak. Aurrekontu akordioak 300.000 euroko partida bat jasotzen du Irulegi mendiko ikerketetarako eta hiru milioikoa Ezkabako gotorlekurako.

Nafarroari lotutako zenbait puntu gehitu ditu EH Bilduk Espainiako aurrekontuak babesteko PSOE eta Unidas Podemosen gobernuarekin sinatu duen akordioan. Trafikoaren eskumena 2023ko martxoaren 31 baino lehen Nafarroari transferitzea hitzartu dute, esaterako, EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak.

Espainiako Gobernuak hiru milioi euro bideratuko ditu Iruñeko Ezkabako gotorlekua memoria gune bihurtzeko lanak egiteko. Partida Memoria Demokratikoaren Legearen esparruan lortutako itunari jarraipena ematen dion hasierako ekarpena da, Mertxe Aipurua Bilduren Kongresuko bozeramaileak jakitera eman duenez. Gainera, Gasteizen Martxoaren 3ko Biktimen Memoriala sortzea aurreikusten du, 600.000 euroko zenbatekoarekin.

Aranzadi zientzia elkarteak Aranguren Ibarreko Irulegi mendian egindako indusketa eta ikerketa lanak finantzatzeko eta jarraitzeko 300.000 euroko partida bat ere adostu da. Bertan, EH Bilduk azpimarratu duenez, "euskararen aurreko euskararen arkeologian mugarri historikoa den aurkikuntza aparta gertatu da". Bere ustez, "Irulegiren Eskua" deiturikoa balio handiko aurkikuntza da, eta erakundeen laguntza handiagoa behar du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!