Peio Etxeberriak aukera izanen du maila goreneko eskuz binakakoan

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 22a, 13:33

Gaurko aurkezpenean, lehiakideak, Rebeca Esnaola Kirol kontseilariarekin. Iturria: Aspe

Lau eta erdikoan eginiko lehia bikainari esker lortu du txartela. Bikoteak honakoak dira: 

Altuna III-Tolosa, Ezkurdia-Martija, Elordi-Zabaleta, Peio Etxeberria-Rezusta, Laso-Imaz, Jaka-Aranguren, Peña II-Mariezkurrena II eta Urrutikoetxea-Albisu.

Zurrumurruek zioten Aspek aurtengo gizonezkoen eskuz binakakorako kirol maila lehenetsiko zuela hierarkia baino. Eta hala izan da. Gipuzkoako enpresak asteburu honetan bertan hasiko den lehiaketarako txartela eman baitei Peio Etxerriari eta Aitor Elordiri, amaitu berri den lau eta erdiko laugarren eta hirugarren sailkatuari hurrenez hurren. 

Sei izango dira beraz frontoian binakako lehian ostiraletik aurrera ariko diren kirolariak: Ezkurdia, Martija, Zabaleta, Etxeberria, Laso eta Mariezkurrena. Zortzi bikote txapela berriaren bila eta iazko txapeldunak Altuna III eta Martija banandurik. Berriozarkoak Joseba Ezkurdiarekin osatuko du bikotea, eta lau eta erdiko txapeldun ordeak aldiz Tolosarekin. 

Formatua

Formatuari dagokionez zortzi bikoteek elkarren artean jokatuko dute. Lehen bi sailkatuek zuzenean lortuko dute final erdietarako txartela. Hirugarren eta laugarren sailkatutako bikoteek elkarren artean jokatuko dute eta garaileak final erdirako sailkatuko dira. Galtzaileak aldiz bosgarren eta seigarren sailkatutako bikoteek jokatuko duten partiduaren garailearekin lehiatuko dira koadroa osatzeko. 

Finala apirilaren 2an izango da Nafarroa Arenan, eta enpresek iragarri dute udazkeneko Masters txapelketaren finala ere bertan izanen dela.

Txapelaren bila beraz, Asperen partetik honako bikote hauek lehiatuko dira: Altuna III-Tolosa, Elordi-Zabaleta, Ezkurdia-Martija eta Pello Etxeberria-Rezusta. Baikoren partetik aldiz hauek izango dira lehiakideak: Jaka-Aranguren, Laso-Imaz, Peña II- Mariezkurrena II, Urrutikoetxea-Albisu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!