Enplegu publiko duina aldarrikatu du LABek

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 22a, 12:34

Langile publikoek euren lan baldintzak hemen erabakitzea nahi du LAB sindikatuak. Horregatik, mobilizatzera deitu ditu langileak, zenbait lan zentroetan.

Langile publikoek erosahalmena bermatuta izatea nahi dutelako, langile publikoek enplegu duina izan dezaten, elkartu dira gaur Nafarroako Gobernuaren atarian LAB sindikatuko ordezkariak. Lan baldintzak Nafarroatik kanpo ezartzen zaizkiela salatu dute.

“Madriletik inposaketa baino ez dator, eta gure erakunde publikoak oso eroso daude inposaketa horiek aplikatzen. Baina Madrili men egite horren atzean, gure erakunde publikoko agintariek berton negoziatzeko duten borondate falta ezkutatzen da”, azaldu du Oier Osinaga Zerbitzu Publikoen Federazioko arduradun ondokoak.

Azken hamar urteetan langileen erosahalmena %10 jaitsi dela salatu du Osinagak, behin behinekotasuna handiegia dela, eta egonkortze prozesuek ez dutela egoera konponduko. Langileei protestekin bat egin dezaten eskatu die sindikatuak, eta erakundeak hitz egitera deitu ditu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!