Gainkostu energetikoengatik laguntzak eskatzeko epea bihar zabalduko da

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 21a, 10:23

20 milioi euroko aurrekontua izanen du enpresentzako ezohiko laguntzak. Energiaren prezioen igoeraren eragin negatiboa murriztu nahi du gobernuak, enpresek "jarduerari eta enpleguari eutsi ahal izateko".

Aurrekaririk gabe igotzen ari dira prezioak industrian. Gaur datuak eman ditu Nafarroako Gobernuak: energiaren prezioa %96 igo da, urte arteko konparaketan. Horri aurre egiteko enpresei zuzendutako 20 milioiko laguntzak aurkeztu ditu exekutiboak. Helburua enpresa eta autonomoak lehiakortasunean izan dezaketen eragina murriztea da, Mikel Irujo garapen ekonomikorako kontseilariaren esanetan.

Otsailaren 1etik irailaren 30era bitartean fakturatutako horniduren kostuaren igoerak lagunduko dituzte diruz, eta jasandako gainkostuak gutxienez 2.000 eurokoa izan beharko da. Laguntza diruz lagundu daitekeen gastuaren %100 izango da, 500.000 euroko mugarekin.

Enpresa onuradunek alta emanda egon beharko dute Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, Nafarroan. Salbuespen batzuk daude, hala ere: finantza erakundeak, energia sortzaile edo hornitzaileak eta enpresa publikoak. Horiek ez dute laguntza eskatzeko aukerarik. 

Bihar zabalduko dute laguntza eskatzeko epea. Internet bidez egin beharko da, nahitaez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!