Ezkurdia kaiolako hirugarren txapelaren bila

Iosu Ganuza Garcia 2022ko aza. 18a, 12:07

Aurrez aurre azken urteko txapelduna izango du, Altuna III.a.

Sasoi onean eta konfiantzaz jokatzen ari den Joseba Ezkurdia 2022ko Lau t 'erdiko txapelaren bila aterako da igandean Bilboko Bizkaia pilotalekura. Arbizuarrak eta Altuna III.ak atzo aukeratu zituzten lehiarako pilotak. Biek dituzte euren aukerak eta merezitako laudorioak egin dizkiote elkarri, kantxatik kanpo ondo konpontzen baitira.

2018an eta 2019an ere finalista izan ziren, Arenan aritu ziren eta txapela Ezkurdiarentzat izan zen. Asteburu honetakoa Bizkaia pilotalekuko kantxan izango da  eta hori Jokin Altunari hobeto datorkiola diote arituek.

Ezkurdia aurkaria frontisetik urrun edukitzen saiatuko da, eta Altuna III.a, berriz, partida bizi mantentzen eta aurkaria asko mugitzen ahaleginduko da, errematatzeko gaitasunari etekina ateratzeko. Biek onartu dute sakeak funtsezko papera izango duela, beraz, ikusiko beharko da nor den gai partida bere eremura eramateko.

Igandean ikusiko da Altuna III.ak "kaiolan" txapeldun izaten jarraitzen duen ala Ezkurdiak lekukoa hartuko ote dion, txapela Nafarroara ekarrita. Materialarekin pozik azaldu dira bata zein bestea, beraz hitzordu handia aurreikusi liteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!