Zakar poltsetan bilduta erakutsi du Steilas sindikatuak, gobernuak oso lanpostu gutxi aterako dituela egonkortze prozesura. Sindikatuak neurtu duenez, gehienez ere, behin-behinekotasuna %43ra mugatuko da. "Batzuk funtzionario bihurtuko dira eta gehienak oso egoera zaurgarrian geldituko", adierazi du Edurne Errea kideak. “Zenbaki errelak ikusita oposizio murritza da”.
Egonkortze prozesua PAIren Legea ezartzeko baliatu dutela salatu du sindikatuak eta, horren bidez, atzerriko hizkuntzen C1 titulua nahitaez eskatuko da hainbat lanpostutan. Profila horrekin lanpostuen % 40 egonkortuko dira, eta profilik gabe %11,7. Adibide bat eman du Raul Lopezek: “Esate baterako, atzerriko hizkuntzaren profilik gabe, Haur eta Lehen Hezkuntzan euskaraz 0 lanpostu deituko dituzte, eta Haur Hezkuntzan gaztelaniaz bat ere ez, eta Lehen Hezkuntzan bakarra”.
PAI legeak bi kidego sortu ditu, eta horrek egoera korapilatu eta nahasi duela dio sindikatuak. Hori dela eta, STEILASek helegitea jarri du Irakasleen Lanpostuen Egonkortzeari buruzko Foru Dekretuaren aurka, PAIren Legea gelditzen saiatzeko eta langile guztien eskubideak babesteko.