Felix Uharte domina kentzearen alde agertu dira Navarra Suma ez beste talde guztiak

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 14a, 13:55

Ostiralean onartutako ebazpen baten bidez, parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio "ahalik eta lasterren eta modu irmoan" berrikus dezala erakundeek frankistei egindako omenaldiak.

Madrilek lan arloko merituaren urrezko domina kendu dio Felix Uharte enpresari nafar frankistari. Nafarroako Gobernuak ere eman zion bat, 2014ean, Yolanda Barcina presidente zela. Hori, baina, ez diote kenduko. Hala azaldu du egungo gobernuak. Bi arrazoi eman zituen joan den astean Elma Saiz bozeramaileak: saria kolektiboa izan zela eta Huarte ez dela ageri NUPek 2016an egindako txosten batean.

Hori ez da erabat egia, ordea. "Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako txostenean ageri da Felix Uharte enpresari nafar frankistaren izena. Ez da desagertu txostenetik". Hala adierazi du Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak, eta orduko Nafarroako Gobernuko presidenteak. Haren agintaldian egin zuen txostena unibertsitateak, eta horretan oinarrituta zerrenda mugatuago batekin hasi zen lanean memoria historikoaren batzorde teknikoa. "Ez zen erabaki politikoa izan, operatiboa baizik", zehaztu du Barkosek. Txostena zabalik dagoela gogoratu du, eta lanekin jarraituko balitz Huarteren izenera iritsiko liratekeela.

Aurreko ostiralean egin bezala, gaur gobernua osatzen duten talde guztiek indarrean dagoen legedia bete behar dela planteatu dute. Ostiralean onartu zutenez, parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio ahalik eta lasterren eta modu irmoan berrikus dezala Nafarroako erakundeek frankistei egindako omenaldiak. Felix Uharterena da bat, baina gehiago direla gogoratu dute gaur EH Bilduk eta Ahal Duguk. Miguel Javier Urmenetarena ere ageri da NUPen txostenean. Beste aldean, berriz, Navarra Sumak Felix Huarte goraipatu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!