Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamendu Departamentuak lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak baimentzea onartu du, Zangozan Muga meatzea proiektua eraikitzeko. Geoalcali enpresak jakinarazi duenez, Zangozako Udalarekin "elkarlanean ari dira Nafarroan obren hasiera ahalbidetuko duen udal baimena arintzeko". Aragoiko Undues de Lerdako Udalak 2022ko ekainean eman zion lizentzia enpresari.
Muga potasa erauzteko meatze-proiektua da, Zangoza eta Undues de Lerda udalerrien artean eta Esako urtegitik kilometro gutxira. Hobiak 1.700 hektarea hartuko ditu, 600 metroko sakonera duten galeriekin. Ekologisten eta geologoen arabera, proiektu horrek arrisku sismikoa areagotu dezake urtegian.
Ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena jaso zuen Geoalcaliren proiektuak 2019an, eta meatze-emakida 2021ean. Guztira 600 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten du enpresak. Meategiak 30 urteko bizitza izango duela dio, eta 800 lanpostu baino gehiago sortzeko asmoa duela.