Udalek udaltzainak kiroldegiak irekitzera bidali dituztela salatu dute kirol azpiegituretako grebalariek

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 9a, 11:46

23. greba eguna dute gaurkoa eta aurrerapausu txikiak eman dira negoziaketan. Sindikatuek salatu dutenez, Barañainen, Sarrigurenen edo ta Azkoienen udaltzainak ari dira kirol azpiegiturak irekitzen eta zaintzen, greba eskubidearen gainetik pasaz.

23 eguneko greba mugagabearen ondoren, kirol kudeaketaren sektoreko grebaren jarraipen nagusia dago, inzidentzia handiarekin eta instalazio asko itxita. Sarriguren, Burlata, Olatz, Azkoien, Uharte, Caparroso, Sanduzelai, Mendillorriko trinketea, Zizur Nagusia Iturramako Civiboxa, NUP, Lagunak, Aranguren eta Berriobeitin, kirol apziegiturak itxita daude.

Pasa den astean lehendabiziko bilera izan zuten sindikatuek patronalarekin eta hurrengo egunean Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin. Horien ondorioz, atzo, azaroak 8, hiru aldeko bilera egin zen, patronala, Udalen ordezkari eta sindikatuekin. Patronalak bere proposamena hobetu duen arren, grebalarien ustez, erosteko ahalmena bermatzetik urrun dago oraindik. Duela hiru aste abiatu zen grebak hain zuzen, helburu hori zuen, KPIaren neurrirako soldata igoera bermatzea.

Sindikatuek gogoratu dute kirol azpiegituren kudeaketa esku pribatuen dagoen arren, udal zerbitzuak dira. Horregatik soldatak eta energia kostuen igoerak enpresek bere gain soilik har ez dezaten, udalen inplikazioa eskatu dute.

Grebalariek udalei greba errespetatzea eskatu diete, hainbat herrietan protesta eskubidearen gainetik egin dutelako agintariek, udaltzain eta beste udal langileak bideratuz kirol azpiegiturak irekitzera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!