Lehenean bale, bigarrenean kale. Hala laburbil daiteke Osasunaren atzoko partidua.
Lehen zati ona egin zuten gorritxoek. Bosgarren minutuan aurretik jarri ziren markagailuan, David Garciak korner batean buruz egindako erremate indartsuari esker.
Norgehiagoka are aldeago jarri zitzaien, 30. minutuan Lewandowskik bigarren txartel horia ikusi zuelarik, Garciari berari aurpegian ukondokada emateagatik. Hala ailegatu ziren atsedenaldira, 0-1 irabazten eta gizon bat gehiagorekin.
Haatik, bigarren zatian irabazteko bertigoak jo zituen. Kikildurik aritu ziren, partiduaren bila joan gabe, mantso jokatuz, denbora galduz. Hartara, kalitate handiagoa ez ezik kemen handiagoa ere erakutsi zuen aurkaria gailendu zen: 46. minutuan Pedrik berdinketaren gola sartu zuen, eta 85.ean Rafinhak garaipenarena.
Qatarreko munduko txapelketako etena dator. Osasunak abenduaren 31n jokatuko du Ligako hurrengo norgehiagoka, Realaren aurka. Kopako partiduaren ondotik, jokalariek aste eta erdiko oporrak izanen dituzte.