Bi adierazpen instituzional eztabaidatu dituzte gaur Nafarroako Parlamentuan, Jose Barrionuevok gerra zikinaz El Pais egunkarian egindako adierazpenen inguruan. Biek zuten helburu estatuaren indarkeriaren biktimekiko elkartasuna adieraztea eta gerra zikinaz Espainiako ministro ohiak esandakoen aurka egitea, baina taldeen arteko eztabaida dialektikoa izan da. Hori egiteko hitzen ingurukoa, kondenatu edo arbuiatu aditzen ingurukoa.
PSNk, Geroa Baik eta Ezkerrak "biolentzia guztien aurkako gaitzespena" idatzi dute aurkeztu duten testuan. EH Bilduk arbuiatu aditzarengatik aldatzeko eskatu du, baina Navarra Sumak eta PSNk ez dute onartu aldaketa, eta ondorioz, abstentziora jo du EH Bilduk. Gainerakoek alde bozkatu duten arren, aho bateko babesa behar dute adierazpenek onartuak izateko, beraz, ez du aurrera egin proposamenak.
Bigarren adierazpena EH Bilduk aurkeztu du, eta helburu bera zuen arren, kondenatu ordez, arbuio hitza zuelako aurka bozkatu dute Navarra Sumak eta PSNk.