CELTA 1 - 2 OSASUNA

Handien modura

Juan Kruz Lakasta Zubero 2022ko aza. 7a, 07:49

Chimy Avila, Moi Gomez eta Kike Barja, argentinarraren goletako bat ospatzen (Argazkia: Osasuna).

Larunbateko garaipenaren ondotik, gorritxoak bosgarrenak dira sailkapenean, 23 punturekin. 2005-2006 denbroaldian soilik egin zuten liga hasiera hobea Lehen Mailan.

Handien modura irabazi zuen Osasunak Vigon. Erran nahi baita sarri ikusi izan dugula talde handi bat erdipurdiko partidua eginda Sadarretik hiru puntuak eramaten. Eta gorritxoek horixe egin zuten Balaidosen, Tximi Avilaren bi gol eder eta Aitor Fernandezen beste horrenbeste geldiketa lagun.

Jagoba Arrasatek etxean Valladoliden aurka garaipena erdietsi zuen hamaikakoa errepikatu zuen. Eta hasi eta berehala, zortzigarren minutuan, haizea alde jarri zitzaion, Chimy Avilak ezerezetik sortu zuen golari esker, area ertzetik jaurtiketa zitala eginez.

Celtak berdinketa lortu zuen, Iago Aspasen goltzar baten bitartez. Haatik, atsedenaldira joan aurretik Avilak gorritxoen bigarrena egin zuen, buruz, urrutitik, meritu handiz.

Bigarren zatian Celta gehiago izan zen Osasuna baino, jokoan zein gol aukeretan.  Arrasateren taldeari sufritzea egokitu zitzaion. Alta, Aitor Fernandezek eutsi zion, eutsi zionez.

Futbolaren lege fisiko zaharrak gailendu ziren: Osasunak goranzko inertzia du, eta Celtak beheranzkoa.Gorritxoek irabazi zuten.

Inoizko liga hasierarik onenetakoa egiten ari dira gorritxoak. Soilik 2005-2006 denboraldian egin zuten hobea, Javier Agirrerekin.

Osasunak bihar jokatuko du Munduko Txapelketaren aurkako azken Liga partidua, Barçaren aurka, Sadarren, gaueko bederatzi eta erdietan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!