Ager topaketak eginen dituzte euskararen egoeraz gogoeta egiteko Azkoienen asteburu honetan

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 4a, 08:28

Ager topaketen aurkezpena. Irudia: Agerraldia

Larunbatean egun osoko jardunaldia osatu dute eremu ez-euskalduna delakoan euskararen erronkez hausnartzeko. 

Azkoienek Ager topaketak hartuko ditu asteburu honetan, larunbatean zehazki. Bertan, euskararen inguruko gogoeta eginen dute, Agerraldiaren eskutik, azken hiru urteotan Nafarroako eremu ez-euskalduna delakoan bertako hizkuntzaren alde egindako proiektuak bateratuz, norantz jo nahi duten ikusi, eta funtzionatu ez duten gauzak aldatzen saiatzeko. Helburua: herritarrek euskaraz bizi eta gozatu ahal izan dezaten, modu praktikoan jorratu nahi duten gai bat.

Agerraldia,Errigoraren eskutik sortutako mugimendua da, eta Nafarroako Erdialdean eta Erriberan euskarari bultzada berri bat eman nahi dio; euskararen ezagutza bultzatu, erabilera suspertu eta jarrera positiboak sustatu. Haien lan-tresna nagusia, azpimarratzen dutenez, Ager izeneko inguruko erakunde, talde, elkarte eta enpresekiko lankidetza da, urtean zehar jarduera-agenda zabal bat egiteko. Izan ere, egin dituzten jardueren artean daude haurrentzako euskarazko ludotekak, kultur ekitaldiak, bertso-eskolak, euskararen egunak, ikerketa soziologikoak, elkar ezagutza sustatzeko topaketak, gizarte-ekitaldiak, kirol-jarduerak, euskalduntze-ekimenak, etab.

Azkoiengo hitzorduan, euskarak gure lurraldean dituen erronka handiak mahai gainean jartzen saiatuko dira, eta horretarako, lehentasunak adosten ahaleginduko dira, bertako hizkuntza bultzatzeko ekimenen norabidea bateratuz. Esperientziak trukatzeko eta helburu partekatuei buruz eztabaidatzeko giroa sortu nahi dute larunbat honetako hitzorduan, "iraganetik ikasteko eta etorkizuna elkarrekin asmatzeko". Agerreko euskaldunak eta euskaltzaleak elkartzea dute helburu, baita arlo bakoitzean lanean ari den oro eta zeregin horretan parte hartzeko prest dagoena ere. Elkarrekin elkartu eta elkar ezagutzea da asmoa, elkarrekin pentsatzeko eta gozatzeko.

Herritar guztiei zabaldutako jardunaldia izanik adin eta esparru anitzetako publikoei eskainitako egitaraua osatu dute. Ekitaldiak 09:30ean hasiko dira, kultur etxean parte hartzen dutenen izen-emateekin, eta, bertan, jardunaldiaren aurkezpena egingo da. Ondoren, 10:10ak aldera, EHUk egindako ikerketa azalduko dute eta, jarraian, Agerraldiak orain arte eginiko ekarpenak mahaigaineratuko ditu.

Taldeka, eztabaida eta lan-foroak antolatu dituzte bazkalordua bitarte. Foro horietan, besteak beste, Agerraldiaren filosofia jorratuko dute, etorkizunean praktikan jartzeko ekintzak egingo dituzte ideia-zaparrada batekin, eta gizarteari, kulturari, euskalduntzeari, komunikazioari, kirolari, hezkuntzari eta gazteriari buruzko gaiak jorratuko dituzte, besteak beste.

Ondoren bazkaria izango da kiroldegian eta arratsaldean aisiaren tartea irekiko dute Ojos Violetaren kontzertuarekin eta Pirritx, Porrotx eta Marimototx-en emanaldiarekin. 18:00etan pilota partida izango da eta eguna 20:00etan amaituko da Tatxers, Streetwise, Odolkiak ordainetan, Neskatasuna, Kiliki Frexko DJ Set-en kontzertuekin.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!