Nafarroako Administrazio Auzitegiaren (NAA) “jarrera euskarofoboa” salatu nahi du Administrazioan Euskaraz taldeak, Euskararen Legearen araberako eremu mistoan plaza elebidunak ateratzea eragozten ari dela eta. Gauzak horrela, bihar, ostiralarekin, elkarretaratzea eginen dute, 18:30ean, auzitegiaren egoitzaren parean, Iruñeko Ezkirotz eta Iturrama karriken arteko bidegurutzean.
Administrazioan Euskaraz taldeak azaldu duenez, NAAk plaza elebidunak ateratzea eta euskara meritu moduan baloratzea eragotzi du Antsoainen, Atarrabian, Berriobeitin, Berriozarren, Lizarran, Orkoienen eta Zizurren, Euskararen Legea argudiatuz baina Euskararen Legeak berak dioena bete gabe. “Erasoak etengabeak dira”, gaineratu du.