Gizarte Ekonomiako Enpresa Konfederazioak jasoko du Nafarroako golardo nagusia: Urrezko Domina. Konfederazioa 2008an sortu zuten. 1.250 enpresa eta entitatek baino gehiagok osatzen dute, 4.000 lanpostu sustatzen ditu eta 42.000 bazkide eta boluntario ditu. ANEL lan elkartuko sozietateak eta kooperatibak biltzen dituen elkarteak; UCAN, nekazaritzako elikagaien kooperatibak; CIS gizarteratzeko eta laneratzeko zentroak; Nafarroako Gizarteratze Enpresen Elkarteak; REAS, CEISNA eta Nafarroako Fundazioen Elkarteak osatzen dute.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Ekonomiako katedrak proposatu du haren hautagaitza, eta gaur hartu du gobernuak erabakia, ohiko saioan. Maria Txibite presidentearen eskutik jasoko dute saria, abenduaren 3an, Nafarroaren Egunean eginen den ekitaldi instituzional nagusian.