Porrot bana batu dute Oses Ardoik eta Beti Onakek

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 25a, 13:58
Oses Ardoiko jokalariak partiduaren eten batean. Iturria: FNB Ardoi

Atarrabiakoek bihar izango dute partidua Kanaria Handian.

Saskibaloian, Oses Construcción Ardoik hirugarren porrota jaso zuen larunbatean Lizarran Celta Zorkaren aurka. Kirol instalazioetako grebaren ondorioz ezin izan zuten Zizurren jokatu eta etxeko bezala jokatu zuen Lizarreria kiroldegian. Bigarren laurdena markagailuan aurretik amaitu ondoren, nafarrak lasaitu egin ziren eta 11 puntu azpitik bukatu zuten norgehiagoka.

Partida amaitzeko 4 minutu falta zirenean Osés Ardoik aurrea hartzea lortu zuen baina etengabe erantzun zuen Celtak berriro aurrea hartuz.

Azken minutuan Celtaren bi hirukok partida itxi zuten.

Hurrengo partidua Andaluzian jokatuko dute, larunbatean arerio zuzena den Milar Cordobaren aurka.

Eskubaloian Gurpea Beti Onakek ere ez zuen sorpresa ematerik izan iaz txapeldun izan zen Bera Beraren aurka. Beraz denboraldiko lehen porrota jaso zuen etxean. Atarrabiako neskek jakin zuten aurkariari lehen zatian pultsua mantentzen, konplexurik gabe lehiatuz, baina bigarrenean ordaindu zuten, batez ere erasoan izandako baloi galeren ondorioz. Maila gorenean akatsek izugarrizko faktura pasatzen dute eta horren erakusle izan zen partidua.

Atarrabiako taldeak Guerreras Iberdrola Ligako lehen derbya jokatu behar zuen eta zaleek ez zuten huts egin. Indurain Anaien harmaila etengabeko festa izan zen, kolore berdeak dena tindatu zuen, eta tarte bat utzi zien zaleei, eurekin batera joan nahi izan baitzuten. Bihar izanen dute garaipen berri bat batzeko aukera, hori bai, arerio are gogorrago baten aurka, liderra den Rosa Gran Canariaren aurka, irletan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!