CVCrekiko zorra dela eta kokatu da Osasuna Kirol Legearen aurka

Iosu Ganuza Garcia 2022ko urr. 24a, 14:12

PPk eta PSOEk ez dituzte onartu Ligaren irudi-eskubideen salmenta bateratuari babesa eman eta Superliga delakoari bidea isten dieten zuzenketak. 

Hasteko eta behin gogoratu behar dugu iaz Gizonezkoen Ligako 39 taldek onartu egin zutela CVC putre-funtsarekin zorpetzea diru kantitate bat, akordioa sinatzeko orduan  jasotzeko. Diru horren truke, Ligako klubek interes tasa altua ordaintzen diote CVCri baina partiduen emisio eskubideen truke diruaren parte bat klubengana itzultzen da. Zehazki 2.100 milioi euro bideratzen dira LaLigara interesik gabe, lehiaketak hurrengo 50 urteetan sortutako ikus-entzunezko eskubideen % 9ko balioaren truke.

Hiru klubek; Athletic-ek, Barçak eta Real Madrilek; uko egin zioten akordioari eta hainbat salaketa jarri dizkiote gainera. Auzitegietan Ligari eman diote arrazoia momentuz.

Bada 2021 urte amaieran Estatuko Ministro kontseiluak onartutako Kirolaren Legearen gainean PPk eta PSOEk onartu dituzten aldaketen artean, telebista eskubideen salmenta bateratuaren babes juridikoa kolokan jartzen du eta, beraz, legea onartzekotan, arriskua dago CVCk kontratua hautsi eta klubei utzitako dirua bueltan eskatzea. Ligako taldeek, haien artean Osasunak, adierazi dute horrek diru galera handia eragingo liekeela, eta haien lehiakortasun maila murriztu. Izan ere, ligako taldeek maileguan utzitako diru guztia itzuli beharko lukete 12 urtetan, % 5etik % 7ra bitarteko interesarekin, epaitegietan akordioa baliogabetzen duen epaia ematen bada.

Espekulazioan oinarritutako akordioa beraz orain kolokan dago eta babesgabe utzi ditu Ligarekin hipoteka sinatu zuten klubak. Hori dela eta kirolaren legean telebista eskubideen banaketari dagokion babes juridikoa eskatu dute.

Honekin batera Superliga bezala ezagututako proiektuari bidea ixten dion zuzenketa kendu diote PPk eta PSOEk eta horrek ere betiko Liga ereduaren gainbehera ekarriko luke. Azkenik Futbol Federazioari araudian zein txapelketen egituran aldaketak egiteko ahalmena ematen dio Lege Berriak.

Ez dugu ahaztu behar baina, kirol guztiei eragiten dien Legea dela, eta arazoa hiru zuzenketetan oinarritzen dela, gizonezkoen Futbol Kluben ikuspegitik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!