Hordagoa jo diote zonifikazioari

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 24a, 10:30

Cortesetik Beraraino bereizkeriarik gabeko Nafarroa bat nahi dutela azpimarratu zuten ehunka lagunek, larunbatean, Tuteran. Erantzunarekin pozik azaldu dira antolatzaileak.

"Hordagoa jo nahi diogu zonifikazioari, diskriminazio iturri delako, desberdintasun iturri delako, nafarrak bereizteko iturri delako", azaldu zuten Hordagoko ekimeneko kideek, larunbatean, manifestazioaren amaierako ekitaldian. "Ozen eta argi aldarrikatzen dugu euskara Nafarroa osoko hizkuntza dela, Cortestik Berara; Vianatik Gardera; pasando por Altsasu, Pamplona y Tutera; Montaña, Zona Media, Erribera entera. Tuteratik erran behar da, eta argi erran behar da, euskara Nafarroako berezko hizkuntza dela, ezin dela Nafarroa euskara gabe ulertu, eta ezin dela euskara Nafarroa gabe ulertu; eta Tutera Nafarroa baldin bada, euskara ere bere hizkuntza dela".

Ehunka lagun bildu zituzten Tuteran, eta gaur pozik azaldu dira antolatzaileak. “Gaindiezina zirudien zonifikazioa gainditzera goazenaren ilusioa piztu zen larunbatean”, azaldu du Urko Aierbek Metropoli Forala saioan. 

Iazko azaroan aurkeztu zen Hordago! dinamika, Cortesko adierazpenarekin. Egin duten lehenengo manifestazioa izan da larunbatekoa. Baina lana ez da amaitu. Administrazioetan aldaketak eraginen dituen olatu bat sortu nahi dute: "Herritarrekin egon nahi dugu, herriz herri ekimenak egiteko, herrikideei zonifikazioa zer den azaltzeko. Iritzi bat sortu, finean". 

Irakurri larunbateko adierazpena hemen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!