Osasunak bana berdindu zuen atzo Gironaren kontra Montilivi futbol zelaian. Emaitza horren ondotik, gorritxoak zortzigarrenak dira sailkapenean, Europan jokatzeko txartela ematen duten postuetatik puntu bakarrera.
Osasunak berdinketa on bat lortu zuen, bain, baina: Arrasateren taldea Girona baino gehiago dela argi geratu zen atzoko norgehiagokan, eta halere ezin esan garaipena merezi izan zuenik, ezin esan berdinketa ez zela bidezkoa izan, taldeari zerbait falta izan baitzitzaion. OSasunak joko ona egin zuen partiduko hainbat pasartetan, baina kemena falta izan zitzaion, lehiakortasun puntu bat, hiru puntuak patrikaratu ahal izateko.
Arrasatek aldaketa zenbait egin zituen. Besteak beste, Juan Cruz erdiko atzelari moduan jarri zuen, eta Budimir aulkian utzi, azken partiduan aldatu zutelarik bere haserrea espantuka azaldu eta gero.
Horretaz gain, hasi eta berehala Abdek zelaia utzi behar izan zuen, min harturik. Haren ordez atera zen Kike Barjak egin zuen lehen gola, erremate ikusgarri baten bitartez.
Haatik, lehen zatiko luzapenean, David Lopezek Gironaren berdinketako gola sartu zuen, falta zalantzazko baten ondotik.
Bigarren zatian Girona nahi eta ezinean aritu zen. Gorritxoek ez zuten azeleragailua zapaldu. Luzapenean, Stuaniren erremate bat ongi gelditu zuen Sergio Herrerak. Bidezko berdinketa Montilivin.
Prentsa aretoan, Jagoba Arrasatek emaitza ontzat eman zuen: “Oro har gustura egindako lanarekin. Balorea ematen diogu puntuari. Irabaztetik gatoz, beste puntu bat lortu dugu, eta igandean etxean berriro irabazteko aukera dugu, puntu honi balore gehiago emateko”.
Osasunak igandean jokatuko du hurrengo norgehiagoka, Sadarren, Valladoliden aurka, arratsaldeko ordu bietan.