Agurne Gaubeka (Behatokia): “Ezin da izan Larragako familiek euskarari muzin egin edo herritik joatearen artean erabaki behar izatea”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko urr. 19a, 10:14

Larragako guraso talde batek D ereduko lerro bat irekitzeko eskatu dio Hezkuntza Departamentuari. Aurrekariak gogoan, eskariari erantzuteko beharrezko neurriak hartzeko eskatu diote gobernuari, Behatokia eta Sortzen eragileen babesarekin.

Uztailean erregistratu zituzten herriko San Miguel eskola publikoan, 2023-2024ko ikasturtetik aurrera euskaraz ikasteko instantziak, baina oraindik ez dute erantzun ofizialik jaso. Hezkuntza zuzendari nagusi Gil Sevillanorekin batzartuko dira bihar, auziaz galdetzeko. Hamabi familiak egin dute eskaera.

“Otsailean aurre matrikulazio epea da, eta gertatu daiteke gobernuak esatea eskola mapa arautzen duen dekretua aldatu behar dela eskaerari erantzuteko”, azaldu du Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak. Mendigorrian egin bezala, argudio hori erabiltzen badute, aldaketa ahalbidetzeko neurriak ezartzeko eskatuko dutela zehaztu du. 

Herrian bertan eskola publiko bat izan arren, hainbat hamarkadatan, euskaraz ikasteko herritik kanpora joan behar izan dute. “Betiko dikotomian uzten gaituzte beraz, euskaraz ikasteko eskubidea dugula esaten zaigu baina gure eskubidea beti baldintzatua dago eta ezin dugu euskara berdintasunean ikasi”, salatu zuten atzo familiek, Larragan.

Familien esanetan, azken urteetan, herriko eskolaren matrikulazioak behera egin du eta euskarazko irakaskuntza lerroa irekitzeak eskolaren “biziraupena eta garapena” bermatu ditzake. “12 familiak D ereduaren irekiera eskatzea ez da norbanakoon eskari bat, ez eta kapritxo bat. Gure haurrez gaindi, gure atzetik etorriko direnen eskubideez ere ari gara. Herri honek euskaraz ikasi eta bizitzeko duen oinarrizko eskubideaz ari gara”, adierazi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!