"Patronalak ez du inolako borondaterik poltsikotik dirua askatzeko" azaldu du Euskalerria Irratian ELA sindikatuko Izai Bujandak, "Mozkinen bila sartu dira enpresak sektorean eta berdin zaizkie langileen lan baldintzak". Horregatik, ELA, LAB eta UGT sindikatuek negoziazio mahaiko hirugarren hankari interpelatzen diote oraingoan, Nafarroako Gobernuari. "Nafar Gobernuak sektorea finantzatzen du eta bere ardura zuzena da diru hori zer nolako enpresei ematen dion" salatu du Bujandak.
Sindikatu horien arabera, "patronalek negoziazioan ematen diren aurrerapausoak blokeatzen jarraitzen dute”, eta, beraz, mobilizazioekin jarraituko dute “lan-baldintza duinak lortu arte eta mendekotasunari arreta emateko eredua aldatu arte". "Aurretik jarri behar dira artatutako pertsonen eta arreta ematen dieten langileen interesak, patronalen interes ekonomikoen gainetik", azaldu dute.
Sindikatuek adierazi dutenez, "diru publikoarekin sostengatutako sektorea da, eta, beraz, administrazio publikoek kalitatezko zerbitzuak emateko erantzukizuna hartu behar dute beren gain, eta sektorea babestu egin behar dute, nagusiei eta mendekotasunen bat dutenei arreta ematea bezalako funtsezko zerbitzuarekin bateraezinak diren enpresa-ereduen mendekotasunetik".