Galduta. Halaxe dabil Osasuna azken jardunaldietan, denboraldiko lehen partidetako joko ikusgarria, bere burua, bere nortasuna ezin topatuz.
Atzo, Arrasatek Bernabeun berdinketa eman zion hiruko euskarria berreskuratu zuen, Torro, Moncayola eta Brasaçekin. Baina apustuak kale egin zion.
Gorritxoek ez zuten norgehiagoka gaizki hasi. Lehen minutuetan, Chimy Avilak eta Darkok gol aukera bana izan zuten.
Hortik aurrera, alta, Villarreal gailendu zen, baloiaren jabetza bereganatuz, jokaldi gero eta arriskutsuagoak ehunduz. Pedraza eta Parejoren aitzinean geldiketa ikusgarriak egin zituen Sergio Herrerak.
Brasanaçen baloi galera baten ondotik, ordea, Herrerak ezin izan zuen Danjumak orpoz egindako erremate ederraren aitzinean. Bat eta huts.
Bigarren zatia hasi bezain pronto, Osasunako atezainak penaltia egin zuen, goitik zetorren baloi batean ukabilarekin Villarrealgo aurrelari bat buruan joz. Danjumak bigarrena egin zuen. Hortik aurrera, deus gutxi.
Prentsa aretoan, Jagoba Arrasate buru makur azaldu zen: "Villarreal gu baino gehiago izan da. Lehen ordu erdan baloia eduki dute, baina gu eroso egon gara. Baina gero gu gero eta gehiago desordenatu gara. Itxaron gaituzte, gure bizkarra bilatu dute, eta lehen gola sartu eta gero nahi zuten partidua eguin dute. Bigarren zatian saiatu gara, baina bigarren golak oso maldan gora jarri digu dena".
Osasunak ostegunean Espanyolen aurka jokatuko du Sadarren. Ea bere burua, bere jokoa, birtopatzen dituen.