Gaur aurkeztu dute Nafarroako edizioaren azokaren seigarren edizioa. Parte-hartzearen ikuspuntutik handiena izango da. Hala ere kokapenaren aldetik azken orduko aldaketa bat egin behar izan dute.
Behartutako leku aldaketa izan da. Aurreikusia eta iragarria zegoen Urriaren 26tik azaroaren 1era eginen den Nafarroako edizioaren azoka Gaztelu plazan izango zela baina aurten diru-laguntzarik emango ez duen udalak, ostiralean jakinarazi zion Editargiri, Sarasate pasealekuan egin beharko dutela azkenean, azalpen gehiagorik eman gabe. Aritz Otazu
Editargiko buru Aritz Otazuk azaldu du, haien kabuz jakin izan dutela hilaren 30ean Bularreko Minbiziaren aurkako lasterketa eginen dutela Iruñean, eta uste dutela hori izan daitekeela zergatia. Saray elkartearen lana gutxietsi nahi izan gabe eta "bularreko minbiziaren aurkako borrokaren garrantzia" azpimarratuta, Otazuk uste du "gehiegi" dela "ordu batzuetako ekitaldi batengatik aste osoko egitaraua baldintzatzea", eta "borondate falta" egotzi dio Iruñeko Udalari.
Gogorarazi du, martxoan egin zutela eskaria eta "muntaketa lanak hasi eta astebete lehenago" iritsi zitzaiela jakinarazpena.
Azkenean beraz Sarasaten, urriaren 26an hasiko da, 21 argitaletxe batu eta 29 jarduera baino gehiago eskainiko dituen Nafarroako Edizioaren Azoka.
Aste honetan, gaur bertan hasita, Nafarroako Liburutegian Edizioaren astea hasiko da. Aste osoan zehar hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo dituzte, Nafarroako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuarekin elkarlanean eta Kultura Departamentuaren laguntzarekin.
Euskalerria irratiko Irrintzi Plaza bihar bertatik izango da. Gaur, Bernardo Atxaga eta Mikel Valverderen arteko solasaldia eskainiko dute.