Behin-behinekotasuna murrizteko legearekin desadostasunak azaldu ditu Espainiak

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 17a, 13:04

Geroa Baiko Uxue Barkos eta PSNko Ramon Alzorriz, artxiboko irudian. Argazkia: Nafarroako Parlamentua

Autogobernuari erasoa dela salatu du Geroa Baik. Nafarroaren eta Espainiaren artean “elkarrizketa eraikitzailea” izanen dela ziurtatu du PSNk.

Espainiako Gobernua ez dator bat Nafarroako Administrazioan behin-behinekotasuna murrizteko egonkortzeari buruzko foru legearekin. Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramailea "kezkatuta" agertu da foru legearen hiru artikuluren inguruan dauden desadostasunengatik.  Bereziki batek kezkatzen du, 4. artikuluari dagokiona. “Akordiorik lortzen ez badugu, Konstituzio Auzitegian autogobernuaren oinarrizko elementu bat ebatziko dugu, Nafarroako Gobernuak Nafarroako erakundeetan ebatzi beharko litzatekeen prozesu baten plaza kopurua ezartzeko duen gaitasuna", esan du.

Gaineratu duenez, Foru Parlamentuak duela 40 urte ohartarazi zuela "Konstituzio Auzitegiaren esku uzteak arazoak ekarriko zituela. "Erne egongo gara", ohartarazi du bozeramaileak.

Ramon Alzorriz PSNk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak esan du "bi gobernuek elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa” lehenesten dituztela, eta "elkarrizketa eraikitzailea" egongo dela, "bi aldeei irtenbide egokia emateko".

Desadostasuna ez da, momentuz, Konstituzio Auzitegian errekurtso bihurtu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!