“Aurreikuspen guztiak gainditu ditugu, arrakasta handia izan da”, adierazi zuen atzo ilunabarrean Tafallako Garces de los Fayos ikastolako zuzendari Paula Arregik. “Asteburu osoan euskara arnastu da Tafallan”, gaineratu du. Milaka eta milaka lagunek egin zuten bi kilometroko ibilbide urbanoa, Sustrai, Kimmu, Hazi eta Zuhaitz guneak bisitatzeko. Azken horretan, milaka gaztek, eta ez horren gaztek, gozatu zituzten kontzertuak.
Festaren irekiera ekitaldian, ordezkaritza instituzional zabala izan zen. Besteak beste, Nafarroako Gobernuko kontseilari Ana Ollo, Jose Maria Aierdi eta Santos Indurain izan ziren bertan, baita Tafallako alkate Jesus Arrizubieta eta Euskaltzaindiko Nafarroako ordezkari Sagrario Aleman ere.
Irekiera ekitaldian oholtzatik egindako hitzaldietan, aldarrikapen bat gailendu zen, Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidente Elena Zabaletak egindakoa: “Gurean euskarak aurrera egin dezan, ofiziala izan behar du Nafarroa osoan”.