Nafarroako Gobernuan, Volkswagenen edo ta General Millsen besteak beste hauteskunde sindikalak izanen dituzte datozen hilabeteotan eta sindikatu guztiak jari dira buru belarri kanpainan."Gehien behar duzunean...ELA" leloarekin une zail hauetan, sindikalismo eraginkorra aldarrikatzeko. UGT eta Comisiones Obrerasen gainbehera datorrenean, enpresetan presente eta bertako borrokekin indartsu dabilen dabilen sindikatua behar dela aldarrikatu du Mitxel Lakuntza, ELA sindikatuko idazkari nagusiak: "Sindikatu hauek ez dira eraginkorrak eta zilegitasun falta handia dute. Bi eredu sindikal daude, ELAk hautua egin du, lan merkatua geroz eta okerrago dago eta langileak antolatu behar dira eta antolaketa hori lantoki eta langileengandik gertu izan behar da; beste ereduak ordea instituzioetan osatzen diren mahaiekin ordezkatu nahi izan dute lantokietako lana eta horrek irrelebantziara eraman ditu".
Egun, 1.503 ordezkari ditu ELA sindikatuak, UGT-k eta Comisiones Obrerasetik oso gertu da euskal sindikatua, 100 delegatu baino gutxiagoren aldea baitago haien artean. Horrek, orain arte Nafarroako Gobernuak sindikatuekin adostasunak lortzeko erabilitako argudio guztiak hankaz gora jartzen ditu Lakuntzak berak azaldu duen moduan: "UGT eta CCOOrekin egiten den elkarrizketa sozial horrek ez du zilegitasunik, ordezkaritzaren erdia ere ez duten sindikatuekin egiten delako. UPN eta PSNren Gobernuek ekonomikoki dopatu dituzte UGT eta CCOO ELAren kontra egiteko".