Gobernuak hitzartu du legegintzaldiko laugarren aurrekontua izango dena

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 11a, 11:58

Elma Saiz ekonomia eta ogasun kontseilaria, artxiboko irudian.

Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdiek datorren urteko aurrekontuen inguruko akordioa sinatu dute. EH Bildurekin "diskrezioz" hizketan ari da exekutiboa.

Negoziazioak aurrera darrai. Informazio askorik eman gabe, Nafarroako aurrekontuak zehazteko lanean ari direla zehaztu du gaur Nafarroako Gobernuak. "Diskrezioz lan egiteko irizpidea jarraituko dugu, eta akordioak lortzen direnean, lortuko ditugulako, publiko eginen ditugu", azaldu du Elma Saiz ogasun kontseilariak. EH Bildurekin eta Ezkerrarekin ari dira babes bila hizketan. Egunotan bilerak egiten ari da alderdi subiranista departamentuetako arduradunekin, aurreproiektuari proposamenak egiteko. 

Aste batzuetako barne negoziazioaren ostean, gobernukideen artean, PSNk, Geroa Baik eta Ahal Duguk funtsen banaketa itxi dute. Noticiasek publiko egin duen albistearen arabera, akordioak gastu-muga handitzea ekarriko du, departamentuen eskaera batzuk sartu ahal izateko.

Aurrekontuen aurreproiektua urriaren 19ko gobernu saiora eraman asmo du Saiz kontseilariak. Ondoren, iritsiko da parlamentura, azaroaren 4an. Zerga sistemaren inguruko lege proiektuak epemuga berdina du. Kontseilariak informazio gutxiago eman du horren inguruan. Akordioa erdietsiko dutela sinetsita dago. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!