Polizien legea garatzeko eskatu diote gobernuari

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 10a, 12:31

Poliziei buruzko 2018ko foru legea garatu behar duela gogorarazi diote gobernuari Navarra Sumak, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Duguk. Navarra Sumak eta EH Bilduk zuzenketak aurkeztuko dizkiete aurrekontuei, arauaren garapena bultzatzeko.

Duela hiru urtetik hona, Nafarroako poliziaren legeak ezarritakoak urratzen ari da Nafarroako Gobernua. Hemeretzi araudi garapen egin gabe dituela gogorarazi diote gaur parlamentuan PSN-ez beste, talde guztiek.

Nafarroako Gobernuak argudiatu du Espainiako aurrekontuen araudiak eragotzi duela langileen ordainsari orokorren soldata igoera egitea. Hau da, poliziaren foru legea eta estatuko legedia ez direla uztargarriak. "Borondate politikoa" falta izan duela uste du, ordea, alderdi EH Bilduk, eta legea garatzeko aukerak galdu dituela azaldu du Adolfo Araizek. 

"Urgentziazkoa" da arazoari irtenbidea ematea Araizen iritziz. Hori dela eta, Espainiako Gobernuak datorren urteko aurrekontuak onartzeko negoziazioetan puntua gehituko dutela azaldu du. Zuzenketa bat landu dute, xedapen gehigarri bat, "gobernuak erabili duen aitzakia gainditzeko". Navarra Sumak ere zuzenketa bat aurkeztuko duela iragarri du.

Gobernukideak, desados

Egun gobernuan diren taldeak banatu zituen gaiak 2018an. UPN, Geroa Bai, EH Bildu eta Ahal Dugu taldeen aldeko botoekin onartu zen Polizien Legea. PSN, PPN eta I-Eren abstentziora jo zuten.

Gaur gobernu kideen artean, bi jarrera azaleratu ditu gaiak. PSNk egindakoak zerrendatu ditu, autokritikarik egin gabe. Geroa Baik eta Ahal Duguk, berriz, uste dute irtenbideak topatu daitezkeela, eta lanean hasteko eskatu diote alde sozialistari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!