Erdia baino gehiago AHTa finantzatzeko

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 7a, 10:13

103 milioi jasoko ditu Nafarroak Espaniako Aurrekontu Orokorretatik, inbertsioetan. 

Espainiako Aurrekontu Orokorren inguruko akordioa egin dute Espainiako Gobernua osatzen duten PSOE eta Unidas Podemosek. Proiektuan jaso dutenaren arabera, 103 milioi jasoko ditu Nafarroak inbertsioetan, eta erdia baino gehiago abiadura handiko trena finantzatzeko izango dira.

71 milioi euroko aurrekontua du trenak. 62,8 milioi Zaragoza-Iruñea-Euskal Y linearako eta 8,1 milioi AHTari lotutako Europa barneko Garraio Sarerako.

Esako urtegiaren handitzeak ere jasoko du milioirik. Ia Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari dagokion partida osoa. 20,1 milioiko inbertsioa eginen du ministerioak. Esako urtegiaren handitzera, 15,8 milioi bideratuko dituzte Uraren Zuzendaritza Nagusiaren kontura eta beste milioi bat CHEren kontura.

Gaztelu elkarteari 300.000 ekarpena aurreikusten du proiektuak, Amaiurko gazteluaren inguruko bisita gunerako. Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak, berriz, milioi bat aurreikusten du Agrobioteknologia Institutuarentzat, eta Garraio Ministerioak 50.000 euro ditu Milagroko Foru Plazan obrak egiteko.

Barne ministerioak 657 mila euro bideratuko ditu Guardia Zibilera, eta 2,5 miloi euroko transferentzia jaso dute Foruzaingoaren erretiroa finantzatzeko.

Nafarroaren ekarpena

Nafarroak Espainiari egiten dion ekarpenari dagokionez,  645 milioi finkatu dituzte. Behin behineko zifra da, edonola. Egungo bosturtekorako kalkulua egin gabe dago oraindik, eta bi administrazioek ez dute akordiorik lortu Nafarroak Espainiari eman beharreko zenbatekoaren inguruan. Nafarroak Gobernuak 635 milioiko ekarpena aurreikusi du Nafarroako aurrekontuetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!