32 orduko lanaldia proposatu du LABek Volkswagengo enplegua babesteko

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 4a, 11:01

"Lana banatzea, aldarrikapenetik beharrera pasa da" azaldu du Asier Calderon LABeko kideak. Astean 32 ordu lan egitea, soldatarik galdu gabe proposatu du sindikatuak Volkswagenen, Landabengo plantillaren ustezko soberakinari aurre egiteko. Kaleratzarik ez izateko aukera bakarra LABen iritziz.

Aldaketa sakonak eragingo ditu autogintza sektorearen elektrifikazioa. Moldaketa horien zurrunbiloan sartuta dago Landabengo Volkswagenen lantokia. Kotxe elektrikoaren ekoizpenak langile gutxiago behar ditu, orain arte katean dabiltzanekin alderatuta. Horregatik, 400 eta 600 langile soberan izan ditzake Landabenek. Enplegu galera horri aurre egiteko, LAB sindikatuka proposamena jarri du mahai gainean. Lana banatzea. Astean 32 ordu lan egitea proposatu dute, lantokiaren ekoizpen maila mantendu eta soldatak ere bermatuz. "Ez dugu beste lantokiekin ekoizpenarengatik lehiatu nahi, hau ez da langileon arteko lehia" azaldu du LAB sindikatuko Asier Calderonek, "Gure lehia enplegua mantendu eta lan baldintzak hobetzea da".

LAB sindikatuak gogoratu du Volkswagengo langileek produktibitate akordioa sinatu zutela enpresarkein, enplegua bera mantentzeko konpromezuarekin eta orain zuzendaritzari dagokio erantzutea. "Nafarroako Volkswagenek 60 milioi euroko etekinak izan zituen pasa den urtean" azaldu du Calderonek eta horregatik orain ardura soziala exijitzen dio sindikatuak enplegua bermatzeko.

Enplegua murriztu eta lan baldintzak okertzeko mehatxuen aurrean, lan postuak mantendu eta baita enplegua sortzea ere ahalbidetuko luke LAB sindikatuaren lan banaketaren proposamen honek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!