Siemens Gamesak sindikatuekin bilera eginen du gaur

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 4a, 07:41

Siemens Gamesako langileak protestan, artxiboko irudi batean.

Siemens Gamesak CCOO, UGT eta ELAko atal sindikalak deitu ditu astearte honetan bilera egitera. Konpainiak joan den astean eman zuen ezagutzera mundu osoan 2.900 lanpostu murrizteko asmoa.

Joan den ostegunean iragarri zuen Siemens Gamesa multinazionalak 2.900 langile kanporatuko dituela. Horietatik, 475 Espainiar Estatuan. Mistral programa estrategikoaren ondorio dira kaleratzeak, maiatzetik dago indarrean, "egitura errazago eta eraginkorrago baten bidez" enpresak "konpainiaren potentziala maximizatzeko eta epe luzerako hazkunde errentagarria ahalbidetzeko". Ekainean, gainera, Gamesaren akzioak eskuratzeko eskaintza iragarri zuen Siemens-ek.

Nafarroan 1.800 langile ditu multinazionala. Momentuz enpresak ez du argitu zenbat izan daitezkeen kaleratuko dituztenak. Gaur bilerara deitu ditu zuzendaritzak CCOO, UGT eta ELA. 14:30ean bilduko dira, telematikoki. Sindikatuek emailez jaso zuten kaleratzeen albistea, eta horrek gehiago nahastu ditu langileak. "Ez dugu kaleratzerik edo lan baldintzen okertzerik onartuko", adierazi du Euskalerria Irratian ELA sindikatuko Puy Remirezek. Albisteak ezinegona sortu du enpresak Nafarroan dituen lantokietan. Iruñerrian, Agustinos-en eta Sarrigurenen. 

Kaleratzeen inguruko informazioa iritsi, eta ia une berean elkartu zen aurreko astean Mikel Irujo Enpresa eta Ekonomia Garapenerako kontseilaria multinazionaleko zuzendariarekin Alemanian. "Nafarroako planten azken lanpostua ere defendatuko" dutela esan dio. Konpromiso hori bera hartu zuen atzo Nafarroako Parlamentuak, adierazpen baten bitartez.

Aurrekariak ez dira onak

Enpresak zituen sei ekoizpen lantegi itxi dituzte azken hamar urteetan. Azkena Agoizkoa izan zen, 2020an, mobilizazio luze batzuen ondoren. 239 langile kaleratu zituzten.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!