Nafarroako Gobernuak gaur egun erabiltzen ez diren udal-titulartasuneko eraikinen birgaitze integralari ekingo diola iragarri du. Helburua da Foru Erkidegoko landa-eremuetako gazteei lehentasunez zuzendutako alokairuko etxebizitzak sustatzea.
Jose Maria Aierdi presidenteordea kontseilari duen Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak, Nasuvinsaren bidez, Nafarroako bederatzi herri txikitan jarriko du martxan ekimena: Bizkarreta-Gerendiain, Garaioa, Garralda, Izaba, Urzainki eta Uztarrotz, Bakaiku, Gesalatz eta Oteitza. Osotara alokairu babestuko 15 etxebizitza sustatuko ditu, 1,7 milioi euroko birgaitze-inbertsioarekin.
Alokairu bidez Foru Exekutiboak eginiko inbertsioa amortizatzeko epea igarotakoan, etxebizitza horien ondarea udaletara itzuliko da.
Bigarren fase batean, Nafarroako beste udalerri batzuetara zabalduko dute eredua, herrietan erabiltzen ez diren udal ondareko eraikinak berreskuratu eta birgaitzeko eta, aldi berean, gazteei eskain dakiekeen etxebizitza eskuragarria sustatzeko eta, horrela, despopulazioaren fenomenoak mehatxatutako eremuetan egoerari buelta emateko.
Nafarroako Gobernuak, birgaitzeko Biziberri Planaren bidez, jarduera horiek eskatzen duten inbertsioaren % 50 diruz lagunduko du; Nasuvinsa sozietate publikoak, berriz, proiektu bakoitzaren aurrekontuaren % 35 hartuko du bere gain, eta gainerako % 15 udalek jarriko dute.