REAL MADRID 1- 1 OSASUNA

Real Madriden amesgaizto

Juan Kruz Lakasta Zubero 2022ko urr. 3a, 07:48
Kike Garcia, aurkariz inguraturik, atzo, Bernabeun. (Argazkia: Osasuna)

Osasunak bana berdindu zuen atzo Bernabeun, partidu biribila eginez. Horren ondotik, gorritxoak seigarrenak dira sailkapenean, hamahiru punturekin.

Jagoba Arrasate: "Goleko jokaldian, aurrelaririk ez badago jokoz kanpo, atezainak beste posizio bat har dezake". 

Osasuna Real Madriden amesgaizto bihurtzen ari da, emeki-emeki. Bernabeun jokatu dituen azken bi partiduetan berdinketa erdietsi du. Real Madrilen aurka jokatu dituen azken bost norgehiagokeatik hirutan lortu du emaitza hori. Eta CArlo Ancelottiren mutilak ez daude ohituta halako emaitzetara. Datu bat: denboralia hasi zenetik eta atzora arte, jokaturiko partidua guztiak zituzten irabazita.

Udazkeneko astelehenak ez dira horren astelehen, baldin eta igandean Osasunak Real Madrilen aurka meritu handiko berdinketa lortzen badu. Jagoba Arrasateren mutilek ausardia handiz jokatu zuten Madrilen, baloiarekin zein gabe, defentsan tinko baina baloia jokatzeari uko egin gabe, denboraldi hasiera itzela berresteko.

Lehen zati bikainean zenbait gol aukera sortu zituzten, baina atsedenaldira ailegatzear Real Madril aurreratu zen, Viniciusen gol eztabaidagarri baten eskutik. Brasildarrak erdiraketa egin zuen, jokoz kanpo zeuden Real Madrileko bi jokalarik errematea egiteko imintzioa egin zuten, baloia zuzenean sareetara joan zen.

Halere, gorritxoek bigarren zatian ez zuten etsi, eutsio zioten, eta hala Kike Garciak buruz gol ikusgarria lortu zuen.

Gero David Garciaren penaltia eta txartel gorria iritsi ziren. Sergio Herrerak, baina, Benzema kikildu zuen, eta frantziarrak baloia langara bidali zuen.

Jagoba Arrasate harro mintzatu zen kazetarien aitzinean, norgehiagokaren amaieran: “Aho zapore oso gozoa utzi digu berdinketak. Nortasun handiarekin eta ausardiaz jokatu dugu. Gauzak ongi egin ditugu, baloiarekin zein gabe”.

Real Madrilen golaz argi mintzatu zen Arrasate: “Arbitroek erabaki dute aurrelariek ez diotela eragiten atezainari. Guk ez dugu horrela ikusten. Aurrelaririk ez bada jokoz kanpo, atezainak beste posizio bat har dezake”.

Joakalariek gaur eguerdian entrenamendua izanen dute Taxoaren, Madrildik itzuli bezain pronto, ordu bata aldera. Hurrengo partidua ostiralean jokatuko dute, bederatzietan, Sadarren, Valentziaren aurka.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!