Euskararen Akademiak euskaltzain berria izendatu du gaur, Nafarroako Parlamentuan egin den Osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Patxi Zabaleta emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Castillo Suárezek erdietsi du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa. Beste hautagaiak, Paula Kasaresek, uko egin dio hautagaitzari bozketa izan aurretik.
2022ko maiatzaren 21ean, Baztango udaletxean egin zen Osoko bilkuran, Akademiak euskaltzain emeritu izendatu zuen Patxi Zabaleta euskaltzain osoa; Izan ere, emeritu izateko 75 urte beteak izan behar dituzte euskaltzain osoek. Bilkura horretan zabaldu zen, hala berean, hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bi aurkeztu zituzten euskaltzainek uztailaren 22an Alkizan egin zen Osoko bilkuran: Paula Kasares eta Castillo Suarez.
Orain, zortzi hilabeteko tartea izango du Altsasuko euskaltzainak sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Gero, harrera-ekitaldia egingo zaio.
1918tik 2022ra, 96 euskaltzain oso
Gaur egun, 22 euskaltzain osoz, 10 euskaltzain emerituz, 145 euskaltzain urgazlez eta 65 ohorezko euskaltzainez osatua da Euskaltzaindia. 96 lagun euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino Akademiak izendatu dituenak.
Hona hemen gaur egungo euskaltzain osoen zerrenda (guztira, hogeita bi: 14 gizonezko eta 8 emakumezko): Sagrario Aleman, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Miren Azkarate, Miren Agur Meabe, Jean-Baptiste Coyos, Patxi Goenaga, Roberto González de Viñaspre, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Alfontso Mujika, Beñat Oihartzabal, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Castillo Suarez, Ana Toledo, Miriam Urkia, Andres Urrutia, eta Mikel Zalbide.
Eta hauexek dira egungo emerituen izenak (guztira, hamar): Andoni Sagarna, Jean-Louis Davant, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Xarles Videgain, Patxi Zabaleta, Jose Luis Lizundia, Txomin Peillen, Patxi Uribarren eta Ibon Sarasola.