Nafarroako Suhiltzaileek elkarretaratzea egin dute ostiral honetan “zerbitzuaren deuseztatzea” salatzeko. Tres Reyes hotelaren parean egin dute protesta zaratatsu “Baso-suteak Nafarroan: Analisia, gogoeta eta erronkak” jardunaldia bertan antolatu baitu Nafarroako Gobernuak.
Haserre agertu dira instituzio mailako topaketa honekiko, “propaganda” ekintzatzat jo dute, eta aldi berean, kritikatu dute legegintzaldiaren azken urte honetan suhiltzaileen zerbitzuak bizi duen egoera. Iñigo Balbasek hitz egin du suhiltzaileen izenean.
“Utzikeria” leporatu diete Nafarroako Gobernuko presidenteorde Javier Remirezi eta Barne departamentuko zuzendari nagusiari. Presidenteordeari gogorarazi nahi izan diote Suteen Aurkako Plana ez dela egingarria Suhiltzaile zerbitzua duina ez bada.
Gogorarazi dute barne prozesua ezinbestekoa dela, eta ildo horretan urteak daramatzatela suhiltzaileek zerbitzua hobetzeko proposamenak egiten, baina horiei “guztiei entzungor egin diela Gobernuak”. Ekaineko suteen ondoren iragarritako neurriak ez direla ezta proposatu ere egin kritikatu dute. Parlamentuan hitz egiteko prest azaldu dira, suhiltzaileen “benetako egoera” legebiltzarkide eta herritarrei azaldu ahal izateko.
Bitartean zerbitzua indartzeko eskatu diote exekutiboari.
Gogoeta honekin amaitu dute: beldur dira “zerbitzua, gaur egun ezagutzen den moduan, ez ote den desagertze bidean”.