Mobilizazioak bere fruituak eman ditu eta, Nafarroan desgaitasuna duten pertsonentzako zentroak kudeatzen dituen DomusViko zuzendaritzak, iragarri du iraileko nominan KPIaren igoera aplikatuko duela, atzeraeraginezko ondorioekin.
Zentro horietako langileek elkarretaratzea egin zuten asteartean, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, enpresari hitzarmenean itundutako soldata-igoera betetzea eskatzeko. Elkarretaratze horretan salatu zuten urtebete zeramatzatela beharginen soldatak “izozturik”. Astearteko elkarretaratze hori Avanvida enpresako langileekin batera egin zuten.
DomusVi enpresak igorritako ohar batean azaldu duenez, bere zentroetako langileen ordezkariekin hitz egiten ari da, 2022an sektorerako adostutako % 6,6ko soldata-igoera kobratzeko prozesuari buruzko informazioa ahalik eta gardentasun handienarekin emateko. Enpresak gaineratu du langileek % 6,6ko igoera islatuko dutela iraileko nominetan.