Osasunak 0 eta bi galdu zuen atzo Getaferen aurka. Denboraldi honetako Sadarreko lehen porrota da. Nolanahi ere gorritxoek Europan jokatzeko aukera emanen luketen postuetan segitzen dute, zehazki bosgarrenean, 12 punturekin.
Osasunaren Lehen Mailako 600. partidua Sadarren. Inoizko lehen mailako liga hasierarik onena egiteko aukera. Halako hitzordu historikoak kontrako eztarritik joan ohi zaizkio Osasunari. Eta halaxe gertatu zen atzo.
Jagoba Arrasatek Almeriako hamaikakoa errepikatu zuen, eta Osasunak oso partidu hasiera ona egin zuen. Ruben Garciak Budimirrek eta Darkok gol aukera argiak eduki zituzten. Alta, ez zuten asmatu.
Lehen Mailan akatsak garesti ordaintzen dira. Eta Jagoba Arrasateren taldeak bi larri egin zituen. Getaferen lehen golean, 30. minutuan, Nacho Vidal baloiarekin katramilatu zen. Handik hamar minutura, Chimy Avilak merezitako txartel gorria ikusi zuen, aurkari bati iltzeekin belaunean jo eta gero.
Amesturiko egoera Getaferentzat: 0-1 markagailuan eta aurkaria hamar gizonekin. Quique Sanchez Floresen taldeak ez zuen abagunea galdu. Hortik aurrera espero zitekeena gertatu zen. Hau da, deus ere ez. Osasuna nahi eta ezinean aritu zen. Eta korner batean madrildarrek bigarrena sartu zuten. Orban bat gorritxoen liga hasiera ikusgarrian.
Jagoba Arrasate porrotarekin penaturik azaldu zen norgehiagokaren ondoren, bere taldeak, partidua sentsazio onekin hasi baitzuen. “Sentsazio onak izan ditugu hasieran, ongi jokatu dugulako eta aukerak sortu ditugulako. Gure golak gertuago zirudien. Baina ez dugu asmatu eta gero lehen aukeran gola sartu digute, eta batez ere hamarrekin geratzeak min handia egin digu. Ongi hasitako arratsaldea oso gaizki amaitu da”.
Atzokoak bezalako akatsekin taktikak deus gutxirako balio duela gaineratu zuen entrenatzaile berriatua-rrak: “Askotan taktikari buruz hitz egiten dugu, baina batzuetan futbola hori baino sinpleagoa da. Akatsak egiten dituzunean normalean galdu egiten duzu. Eta gaur hori pasa da. Gol horretan ez gara ongi egon eta zorte txarra eduki dugu. Eta hamarrekin geratuta ez izan dugu gehiago egin”.
Selekzioen partiduak direla eta etena dator Ligan. Osasunak urriaren bian jokatuko du hurrengo partidua, Real Madrilen aurka, Bernabeun.