Euskalerria Irratiak salto digitala eginen du denboraldi honetan

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 16a, 10:51
Visual Radio edo Irrati Ikusgarri sistemako kudeaketa pantaila.
  • Kamera digital sistema adimenduna paratu dute estudio nagusian, eta astelehenean bideo streaming bidez eskainiko dituzte denboraldiko lehen saioak.
  • Pandemiaren ondotik, komunitatearengana berriro hurbiltzeko saio asko eginen dituzte irrintzi dorretik at. Lehena ostiralean, hilak 23, Laba elkartetik, Aldapako San Fermin jaien kontura.
  • Urtarriletik aurrera mobile journalism sistema martxan jarriko dute, azken belaunaldiko sakelako telefonoen bitartez, kaletik pantailetara bizi-bizi iristeko.

"Denboraldi honetan emanen dugun salto digitalaren helburua da zerbitzu hobea, multimedia, integrala eskaintza gure komunitateari, Iruñerriko euskal jendeari", azaldu du irratiko koordinatzaile Juan Kruz Lakastak.  

VIsual Radio esaten diote ingelesez. Irrati Ikusgarria esan genezake euskaraz. Horixe jarriko du abian denboraldi honetan Iruñeko irratiak. Lau kamera digital, automatiko eta adimentsu paratu ditu estudio nagusian, Euskarabidearen diru laguntzarekin. "Sistemak zein mikrofonotatik hitz egiten ari den igartzen du eta horren arabera edizio automatikoa egiten du. Horrek aukera ugari ematen dizkio gurea bezalako irrati txiki bati", azpimarratu du Lakastak. 

Lehen saioak, bideo streaming bidez

Irrati ikusgarri sistemak hainbat erabilpen izanen ditu. Lehena, astelehenean, hilaren 19arekin, denboraldi berriko lehen saioa bideo-streaming bidez eskaintzea euskalerriairratia.eus webgunean, Twitterren, Youtuben eta Facebooken. Metropoli Forala, 9:00etatik 11:00etara zabalduko dute, beraz, eta, besteak beste, Abel Barriola eta Mikel Idoate pilotariek hartuko dute parte.  

"Nolanahi ere, asmoa ez da saiook egunero bideo formatuan eskaintzea, asmoa da zenbait eduki hautatu eskaintzea modu horretan: saioetako elkarrizketa zein kolaborazio jakin batzuk webgunean; elkarrizketotatik eratorritako pasarte laburrak sare sozialetan; saio bereziak, konparaziora udazkeneko bertsolari txapelketaren edo udaberriko udal eta foru hauteskundeen kontura", iruzkindu du irratiko koordinatzaileak. 

Irratia, kalera

Euskalerria Irratiak irrati ikusgarri sistema hori bera erabili ahal izanen du Irrintzi dorreko estudioetatik at egiten dituen saioetan. Eta aurten ateraldi asko eginen ditu. "Izan ere, azken hiru urteak barrura begira eman behar izan ditugu, pandemiaren zein Irrintzi dorrearen birgaitze lanen kontura. Badugu gogoa harreman zuzena berreskuratzekoa gure komunitateko jendearekin, Iruñerriko euskaldunekin".

Hilean gutxienez lau ateraldi eginen dira. Lehenak dagoeneko finkaturik daude: ostiralean, hilak 23, Gazteluko plazako Laba-tik emitituko dute, elkarteak ateak berrireki dituelako, eta asteburuan Aldapako San Fermin festak ospatzekoak direlako. Irailaren 28an, Kondestable Jauregitik ariko dira, Euskaltzaindiak eta Iruñeko Komunikabideak Fundazioak nerabeen eta euskararen arteko harremanaz antolaturiko jardunaldien karietara. Berriozarrera joanen dira Emausko Trapuketarien 40. urteurrenaren kontura; Iruñeko Donibane auzora, Golem zinemek 40 urte bete dituztela eta; Tafallara, Nafarroa Oinez dela kausa.

Urtarriletik aurrera, mobile journalism

Ingelesez mobile journalism esaten diote, euskaraz kazetaritza mugikorra. Sakelako telefonoekin egindako kazetaritza da, kaletik pantailetara abiada bizian iristen dena. Euskalerria Irratiak goi mailako telefono adimendunak zein bestelako osagarriak erosi ditu, beste behin ere Euskarabidearen diru laguntzarekin. "Denboraldiko lehen hiruhilekoan, irratiko kazetariek formazio ikastaroa eginen dute, eta bigarren hiruhilekoak aurrera egin ahala ikasitakoa aplikatzen hasiko dira irratiko webgunean zein sare sozialetan", iaragarri du irratiko koordinatzaileak.

Aldaketak goizeko albistegian

2022-2023 denboraldiak aldaketak ekarriko ditu Euskalerria Irratiko albistegietara. Orain arte, goizean, albistegi bakarra egiten zen 8:30etik 9:00etara. Astelehenetik aurrera, hamar minutuko hiru eginen dira, 7:50ean, 8:20an eta 8:50ean. Aldaketaren xedea goizeko prime-time-an entzule gehiagorengana iritsi ahal izatea da. Lohizune Amatriak zuzenduko ditu goizeko albistegiok.

Goizeko magazinak, Metropoli Foralak, 9:00etatik 11:00etara, Pello Argiñarena eta Juan Kruz Lakasta izanen ditu gidari. Arratsaldekoan, Irrintzi Plazan, 16.00etatik 18:00etara, Reyes Ilintxeta eta Josu Ganuza ariko dira.

Podcastak

FMko programazioaz landara, Euskalerria Irratiak eta Laba Elkarteak podcast bat plazaratuko dute astean behin: joan den denboraldian abiatu zen Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko saioa hain zuzen ere. Esatariak Laba Elkarteko Iker Tubia eta Yasmine Khris dira, eta Gazteluko plazako haien aretoan egiten dute, publikoaren aitzinean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!