Igor Peñalver (ELA): "Alemaniako zuzendaritzak ez digu bermatu langile guztiondako lanik 2026tik aurrera"

Haritz Pascual Garjon 2022ko ira. 9a, 14:02

Landabengo lantokiaren etorkizunarekin kezkatuta agerraldi bateratua egin dute enpresa batzordea osatzen duten sindikatu guztiek. Atzo bilera izan zuten Volkswagengo Alemaniako zuzendaritzarekin. "Ez dute 2026tik aurrera, egungo lanpostuak mantentzeko beharrezkoa den lan zama bermatu" azaldu du Euskalerria Irratian batzordeko Igor Peñalverrek.

Ez ohiko argazkia eskeini du gaur Landabengo Volkswageneko enpresa batzordeak. Desberdintasunak albo batera utziz eta UGT, CCOO, ELA, LAB, CGT eta CCP sindikatuetako kideak elkarrekin azaldu dira, mezu bateratua zabalduz. Kezkatuta daude atzoko bileran ez zutelako etorkizunean lana bermatuko duen konpromezurik ez zutelako jaso. "Ez zuten zehaztasun handiegirik eman" azaldu du Euskalerria Irratian ELA sindikatuko Igor Peñalverrek, "Oraindik ez dago ekoizpen zama zehaztuta baina elektrifikazioak lanpostu gutxiago beharko lituzkenez, ekoizpena handitu beharko genuke egungo lantaldeari eusteko".

Gaur enpresa batzordeak mezu bikoitza bidali du. Alde batetik, Nafarroa eta Espainiako Gobernuei, "Volkswagenek dirulaguntza publiko handiak jasotzen ditu eta horrekin presioa egin dezakete Gobernuek enplegua bermatu dezan" adierazi du Peñalverrek. Bestetik Alemaniako zuzendaritzari berari, "Nafarroako lantokia azkarrena da, eraginkorrena, ez dago kotxe bat 56 segunduoro egin ahal duen beste lantokirik...hori da gure indargunea eta horri heldu nahi diogu etorkizuna bermatzeko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!