Euskaraz Bizitzeko Egonaldiak 2022-2023 programan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea zabaldu du Nafarroako Hezkuntza Departamentuak. Irailaren 15era arte egin ahal izanen dira. Ikastetxeetako zuzendaritzek tramitatu beharko dituzte eskaerak. Ikasleek zuzendaritzei galdegin diezaiekete eskaera aurkezteko.
Euskara hutsezko D ereduko, ikasgaien erdia euskaraz duen B ereduko eta euskara ikasgai moduan duen A ereduko ikasleek parte har dezakete programa honetan. Helburua da ikasleei euskara eremu akademikotik at erabiltzeko aukera eskaintzea.
Guztira 16 txanda antolatuko dituzte. Horietako bakoitzean gutxienez 20 ikaslek esku hartu beharko dute. Bi aukera izanen dira: astelehenetik asteartera egitea egonaldia, edo astelehenetik ostiralera. Helburua hizkuntza murgiltzea denez, bost eguneko egonaldia eskatzen duten ikastetxeek lehentasuna izanen dute.