Ostegunean argitu daiteke VW Nafarroaren etorkizuna

Juan Kruz Lakasta Zubero 2022ko ira. 6a, 08:03

Landabengo lantegian goi bilkura eginen dute etzi, multinazionalaren auto elektrikoen inguruko eskualde estrategia aurkezteko.

Etzi, ostegunarekin, Volkswageneko mundu osoko arduradun nagusiek goi bilkura eginen dute Landabenen, auto elektriko txikiak ekoizteko eskualdeko estrategia zehaztu eta ezagutarazteko. Nafarroako lantegiarekin batera, Kataluniako Martorell eta Portugalgo Palmela ere sartzen dituzte eskualde horretan.

Litekeena da multinazionaleko buruek ez ezik Landabengo topaketan Skoda markako Espainiako lantegietako ordezkariek eta zenbait hornitzailek parte hartzea. Aurrekaririk gabeko goi bilkura da, une garrantzitsu batean datorrena; izan ere, datozen asteotan onartuko dute Espainiako Auto Elektrikoen Garapenerako Plan Estrategikoaren Proiektua. Plan hori Europako Batasuneko diru funtsen laguntzaz garatuko dute.

4.600 langileren etorkizuna, airean

Bilkura erabakigarria izanen da Volkwagenen Landabengo 4.600 langileen etorkizunera begira, baita haien hornitzaile ugarientzat ere. Hedaduraz, Nafarroa Garaiaren etorkizunaz mintza gintezke, autogintzak gure ekonomian duen pisua aintzat hartuz.

Ezin uka kezka gero eta handiagoa dela Landaben aldean. Datu bat: Martorellgo lantegiak 11.000 behargin ditu, eta hango zuzendaritzat publikioki onartu du auto elektrikoarekin horietako 2.800 sobran egon litezkeela.

Nafarroako Volkwagenen urteak daramatzate auto elektrikoa ekoiztu ahal izateko prestatzen. Lan Batzordeak xede horrekin onartu zuen 2016ko lan hitzarmenean urtean 350.000 auto fabrikatzea, edo 2019an hirugarren auto modeloa egitea, modu horretan auto elektrikoari atea zabaltzeko.

Aldeko datu bat: Landabenen azkarragoak dira Martorellen baino segmentu bereko auto bat fabrikatzeko tenorean. Horren aldekoak ez diren datuak: Landabenen AO plataformako autoetan espezializatu dira, eta Martorellen eta Palmelan, berriz, segmentu altuagoko autoak fabrikatzen dituzte. Estrategia zehazteko tenorean, lantegien tamainak ere bere pisua eduki dezake. Landabenek egun 4.600 langile ditu. Martorellek, berriz, 11.000.  Ezin ahantzi, halaber, politikak ere bere garrantzia eduki dezakeela halako erabakietan. Eta esan gabe doa Kataluniak askoz boto-emaile gehiago dituela Nafarroak baino.

Zuzendaria, Txinan harrapatuta

Adituen arabera, Nafarroako Volkswagen egoera sendoagoan iritsiko zen osteguneko goi bilkurara, baldin eta Emilio Saenzen gidaritzapean segitu izan balu. Baina joan den urteko ekainean kargugabetu zuen. Markus Hauptek hartu zuen lekukoa, baina urte bete geroago kargua utzu du.

Michael Hobusch da presidente berria. Atzo zen karguaz jabetzekoa, baina ezin izan zen Iruñera etorri, baina Txinan ez zioten hegazkina hartzen utzi, COvidaren aurkako neurrien kontura.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!