Arrasate: “Meritu handiko garaipena izan da”

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 5a, 08:54

Entrenatzaile bizkaitarrak 72. garaipena lortu du Osasunarekin, eta partidu gehien irabazi dituen bigarren entrenatzailea da, Pepe Alzaterekin parekaturik.

“Rayok ongi egiten du futbolean, batez ere Trejorekin jokoa lotzen dutenean. Tarteka, guk baino hobeto jokatu dute. Baina guk joko eta gol aukera gehiago sortu ditugu. Merezitako garaipena izan da, meritu handikoa”, azaldu du Jagoba Arrasatek norgehiagoka amaitu berritan, Sadarreko prentsa aretoan.

Arrasateren irudikoz, oro har Rayo baino gehiago izan baziren ere, gorritxoek une kritiko bat gainditu behar izan zuten: berdinketaren gola. “Asko kostatu zitzaigun lehen gola sartzea, eta berehala sartu zuten berdinketa. Psikologikoki zaila da. Kontuz ibili behar duzu partiduak eskuetatik ihes egin baitiezazuke. Aldaketekin, ondo aurre egin diogu une horri”.

Aldaketak erabakigarriak izan ziren garaipena erdiesteko. Aulkitik ateratako Ez Abdek egin zuen bigarren goleko pasea, Aulkitik ateratako Ruben Garciak egin zuen errematea. Barçatik  etorritako jokalari gazteak buruz-burukoan duen erraztasuna goretsi du Arrasatek.”Berezkoa du. Ezkerretik, eskuinetik, edonondik egin dezake. Eta asko eman diezaguke”.

Ezin ahantzi lehen goleko jokaldian ere pasea hasierako hamaikakoak tokirik izan ez zuen jokalari batek, Darko Brasanacek egin zuela. Serbiarraren lana txalotu zuen Arrasatek: “Dena egin du ongi. Partidu zaila zen. Une zaila. Bero handikoa. Eta baloiarekin zein defentsan asko eman digu”.

Joan den denboraldian, Sadarren jokaturiko 19 partiduetatik bost soilik irabazi zuen Osasunak. Aurten lehen hirurak irabazi ditu. Arrasate kontent da: "Etxeko jendea zoriontsu egitea da futbolak eskaintzen dizun gauzarik ederrenetako bat. Eta lortzen ari gara".  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!