OSASUNA 2 - 1 RAYO

Landutako garaipena

Juan Kruz Lakasta Zubero 2022ko ira. 5a, 08:35
Ez Abde, bigarren goleko jokaldian. (Argazkia: Osasuna).
  • Aimar Orozek sartu zuen lehen gola eta Ruben Garciak, luzapenean, bigarrena.
  • Ez Abdek bigarren goleko pasea eman zuen, elastiko gorritxoarekin jokaturiko lehen partiduan.
  • Aulkitik ateratako Darko Brasanac ere erabakigarria izan zen, lehen goleko jokaldi bikainean.

Gaurko eguna, iraileko lehen astelehena, egun gogorra, doike, lanera itzuli behar izan duten askorentzat. Futbolzaleen gogoa piz dezakeen datu bat:  Lehen Mailan Osasunak egindako hasierarik onena da, 81-82 denboralditik. Orduan, lehen lau jardunaldietan, hiru garaipen eta berdinketa bat erdietsi zituen. Aurten, hiru partida irabazi ditu.

Gauzak ongi doazenean, entrenatzaileek aldaketa gutxi egin ohi dituzte. Atzo, Arrasatek bakarra, eta behartuta: Ruben Peñaren arazo fisikoen ondorioz, Nacho Vidal sartu zuen hasierako hamaikakoan.

Garaipena ez zen erraza izan, Iraolaren Rayo Vallecanok ederki egiten baitu futbolean, bereziki Trejo tartean sartzen delarik.

Lehen zati ona egin zuten gorritxoek, baina golik erdietsi gabe, nahiz eta Moi Gomezek, Aimar Gomezek eta Chimy Avilak aukera garbiak izan zituzten.

Bigarren zatian, Lucas Torrok zelaia utzi behar izan zuen, min harturik. Bere lekuan Darko Brasanac zelairatu zuen Arrasatek. Eta serbiarra erabakigarria izan zen lehen golean: azken marraraino barnekaldia egin zuen, eta bere heriotzaren erdiraketa ederki profitatu zuen Aimar Orozek, txorkatila bihurrituz, baloia gurutzatu eta sareetara bidaltzeko. A ze denboraldi hasiera egiten ari den aratzuriarra.

Handik gutxira, baina, Lejeunek berdinketa erdietsi zuen, itxura guztien arabera Sergio Herrerak behar baino gutxiago egin zuen falta jaurtiketa batean.

Azken txanpan, Ez Abdek ederki erakutsi zuen zertarako fitxatu duen Osasunak: hiru jokalari gainditu zituen area barruan, areto futbolean ariko balitz bezala. Eta bere erdiraketa gol bihurtu zuen Ruben Garciaren erremateak: eromena Sadarren, eta beste hiru puntu patrikara.

Atzo Arrasatek bere 72. garaipena lortu zuen Osasunarekin. Hartara, jadanik garaipen gehien lortu duen bigarren entrenatzailea da, Pepe Alzaterekin berdindurik.

Gaur Taxoaren berreskurapen entrenamendua eginen dute. Bihar, jai izanen dute. Etzitik aurrera, Almeriaren aurkako norgehiagoka prestatzen hasiko dira. Gaur zortzi, astelehenarekin jokatuko dute, ilunabarreko bederatzietan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!