Esa “ia erabat” hustuko dela aurreikusi du Ebroko Konfederazio Hidrografikoak

Euskalerria Irratia 2022ko abu. 30a, 08:27

Urtegia %22an dago. Ondorioz, Bardea “larrialdi egoeran”, konfederazioaren arabera.

3.400 hektometro kubiko ur dago bilduta egun Ebroko arroko erreserbetan. Aurreko urteetan baino %12 gutxiago da, eta egoera kritikoa eragin du horrek Nafarroan. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak jakitera eman duenez, Esako urtegiaren menpe dagoen Bardea “larrialdi egoeran” dago.

Urtegiaren %22,6 dago beteta, hau da, 100 hektometro kubiko ur ditu, eta litekeena da irailean behera egitea euri askorik egiten ez badu. Ramon Luquez Ebroko Konfederazio Hidrografikoko ustiapen-buruak adierazi duenez, ureztatze-kanpaina beste urte batzuetan baino lehenago amaitu beharko da, eta aurreikuspenen arabera, urtegia “ia erabat” hustuko da, ureztatzea dela eta.

Itoizko urtegia, berriz, %43an dago. 180 hektometro kubiko ur ditu, eta erreserba aurreko urteetakoa baino %5 txikiagoa da.

Urtegi txikiagoen egoera hobeagoa da. Luquezek adierazi du “normaltasunez” funtzionatzen dutela, haien edukieraren %60 inguru beteta baitute. Eugi % 61,3an dago; Urdalur %64,4an, 3,53 hektometro kubiko urekin; eta Allotz, 37,178 hektometro kubikorekin, %56an. Mairagak, berriz, 1,554 hektometro kubiko ditu, eta edukiera osoaren %67 du beteta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!