178.020 euro da Foru Plazan ezarritako Nafarroako banderaren kostua. Aurreikusitakoa baino % 78 gehiago kostatu du Enrique Maya alkateak jarritako 30 metroko haga eta 8 bider 12 metroko oihala duen banderak. Navarra Sumak iragarritakoaren arabera banderaren instalaziorako aurrekontua 100.000 eurokoa zen; materiala, eraikuntza eta lan guztiak barne.
Gaur egun izandako gastua, jada iragarritakoa baino ia bikoitza da. Borja Izaguirre EH Bilduko zinegotziak maiatzaren 20ean egin zion lehenengoz gastuen espedientearen eskaera Navarra Sumari, eta orain, abuztuaren 24ean lortu du zenbatekoaren dokumentua. Espediente kontsulta ukatzeaz gain, egoera bera salatu du Borja Izaguirrek, faktura hauek agerian uzten dutela Mayaren “gezurrak” eta “engainuak” nabarmendu du. Diru horrekin elikagaien bankurako laguntza lau aldiz handitu daiteke edo bi udal etxebizitza bergaitu daitezkela defendatu du Borja Izaguirrek, Navarra Sumaren “despilfarroa”-ren aurrean salatzeko. Mayak “hiri hau bere kortijoa balitz bezala” gobernatzen duela adierazi du Izaguirrek.
Gainera, energia aurrezteko une batean, bandera beraren materiala eta eraikuntzak izan duen kosteaz gain, argiztapenean 10.000 euro gastatu ditu udalak oraingoz. Hemendik aurrera banderak izango dituen mantentze kostuei erreparatu die EH Bilduk eta alkateari mantentze horren zenbatekoa eta nondik-norakoak argitzeko eskatu dio. EH Bilduk beraz, Nafarroako bandera Foru Plazan jartzeak izan duen eta izango duen zifren argitzea eskatzen dio Navarra Sumari.