Gorritxoek erronka zaila dute bai, Betisen aurka ariko baitira gaueko 22.00etatik aurrera, Sevillan, Benito Villamarin futbol zelaian. Ez da arerio xamurra izan ere berdezurien aurka jokatutako azken 10 partiduetatik 8 galdu baitituzte Jagoba Arrasateren mutilek. Garaipen bakarra tarte horretan Sadarren izan zen bigarren mailan eta berdinketa ere Iruñean erdiestea lortu zuten.
Benito Villamarinen, Betisek bost garaipen jarraian lortu ditu Osasunaren aurka, 13/14 denboraldiko 1-2ko gorritxoen garaipenetik, Roberto Torresek eta Jordi Figuerasek, bere atean, bisitarien golak sartu eta Jorge Molinak etxekoen gola egin zuenean.
Partida horrez gain, Osasunak beste hiru aldiz bakarrik irabazi dio Betisi 38 bisita ofizialetan: 1990/91 denboraldian, 0-5 2006/07 denboraldian eta 0-3 2007/2008ko denboraldiko partidan.
Erronka dute beraz gorritxoek. Partidu honetarako aurreko asteko deialdia errepikatu du Arrasatek eta Promesaseko jokalari diren Benito eta Herrando gelditu dira kanpo. Entrenatzaileak nabarmendu du arerioa mugikortasun handiko taldea dela, zirrikituak edo non atzematen eta baliatzen dituena, eta beraz fin, oso fin, ibili beharko direla.
Aurkariak Canales eta Montoyak berreskuratu ditu, eta gorritxoek bezala ligako lehendabiziko bi partiduak irabaztea lortu du, Elx eta Mallorcaren aurka kasu honetan. Zalantzan dago oraindik inskribaturik gabe dituen 6 jokalariak zerrendan sartu ahal izango dituen Manuel Pellegrini entrenatzaileak, baina andaluziatik iragarri dute Betiseko bi akziodun nagusiek dirua jarriko dutela Ligaren kutxan hori ahalbidetzeko.
Ea estatistikarekin apurtzeko gai diren gorritxoak.