Jagoba Arrasate: “Erreskadan bigarren garaipen bat lortzea oso garrantzitsua litzateke”

Euskalerria Irratia 2022ko abu. 19a, 13:50

Sevillaren kontra irabazi eta gero, bihar Cadizen aurka jokatuko du Osasunak, Sadarren, 17:30ean.

Gorritxoen entrenatzaile Jagoba Arrasate kontent da Sevilla handiaren aurkako garaipenarekin, baina kontziente da hori iraganeko kontua dela, eta orain etorkizunari erreparatu behar zaiola. “Hori pasa da. Orain bigarren partidua dator. Aurkari, partidu, gidoi ezberdinak dira. Horretarako prestatu gara aste osoan, jakinda ez dela partidu erraza izango”.

Izan ere, Cadiz aurkari gogorra izatea aurreikusten du teknikari berriatuatarrak. “Talde ordenatua da, ez da erraza haiei aukerak egitea, eta erasoan gauzak ongi egiten dituzte, oso praktikoak dira. Orokorrean azken partiduetan entrenatzaile honen aurka kostatu izan zaigu, harenak talde orekatuak direlako. Ea soluzio horiek topatzen ditugun, gu eroso egoteko eta partidua haien zelaira eramateko, baina ez da erraza izango”.

Sergio da egun Cadizen entrenatzaile. Valladoliden teknikari zelarik, Osasunari haren aurka aukerak sortzea asko kostatu izan zitzaiola ongi gogoan du Arrasatek. Haren defentsa moldea urratzeko bidea topatu duelakoan dago, baina “arbelean eta bideoan beti ikusten da zer edo zer, eta gero hori praktikara eramatea beti izaten da gatzagoa”.

Ruben Garciak eta Aridanek haien arazo fisiko zein pertsonalak gainditu eta gero, jokalari guztiak eskura ditu Osasunako entrenatzaileak: “Albiste ona hori da. Denak ongi daude eta hori da entrenatzaile batek nahi duena, jokalari guztiak eskura eduki, horrela alternatiba gehiago baitauzkagu partidurako”.

Gauzak horrela, ikusteko dago nor utziko duen deialditik at; izan ere, 27 jokalari ditu eskura eta 23 soilik dei ditzake. Joan den astean, Ruben Garciarekin eta Aridanerekin batera, Areso eta Barbero gazteak geratu ziren kanpoan. “Jokalari gazteak dira, jokatu behar dute, eta momentu honetan hemen ez dute erraza jokatzea. Ikusiko dugu zer aukera daukaten. Zabalik gaude. Ea zer erabaki hartzen dugun haiekin. Oraindik hamar egun geratzen dira”, azaldu du kazetariek haien egoeraz galdetuta.   

Biharko partidura itzulita, bigarren garaipen bat kateatzea arrunt garrantzitsua izanen litzatekeela nabarmendu du berriatuarrak, bereziki munduko txapelketak baldintzaturiko denboraldi honetan. “Aurtengoa liga ezberdin bat da. Hamalau partidu, eta gero geldialdi luzea. Denok nahi dugu ahalik eta puntu gehien pilatu. Partidu bat irabazi dugu. Bigarrena lortzen badugu erreskadan sei punturekin jarriko ginateke, eta oso garrantzitsua litzateke sailkapenerako eta batez ere konfiantzarako”.

Euskalerria Irratiak zuzenean eskainiko du Osasunaren eta Cadizen arteko norgehiagoka, arratsaldeko bostak eta laurdenetatik aurrera, FMko 98.3an zein euskalerriairratia.eus-en.



EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!