Ostirala iritsi da, eta ostiralarekin, asteburuko proposamenak. Iruñean geratzeko asmoa dutenentzat, Zentralen ‘Enmusikadas’ zikloaren barruan Holly Mirandaren txanda izango da gaur, 21:00etan.
Musika doinuekin jarraituz, Nardués-Aldunaten arratsaldeko 20:30etan Ruper Ordorikak kontzertua eskainiko du. Bihar berriz, Cascanten ‘Estaciones Sonoras’-en barne, gauean La La Love You taldearekin hitzordua.
Ikus-entzunezkoen zaleentzat, hitzorduak gaur eta bihar NIFF, Nafarroako nazioarteko filmen jaialdian. Gonbidapenak eskuragarri jarraitzen dute www.navarrafestival.com webgunean eta askotariko gaiak jorratzen dituzten film luze eta laburrak izango dituzue.
Abuztuan ohikoa denez, festa giroan ere proposamenak zabalak dira asteburu honetarako. Falces, Murchante, Mendigorria, Los Arcos, Aibar, Lerín, Tafalla… eta beste hainbat herri festetan daude eta. Burlatan kasu, gaur 22:30etatik aurrera Herdoil eta Zea Mays-ek kontzertua emango dute; eta bihar, Iheskideren txanda.