Gaur hasiko da NIFF, Nafarroako nazioarteko filmen jaialdiaren laugarren edizioa eta larunbata bitartean 55 film lehiatuko dira bertan. Film laburrak eta luzeak, hangoak eta hemengoak aurkeztuko dira edizio honetan askotariko gaiak jorratuz.
Leyre Mateos Galarza jaialdiko antolakuntza taldeko kideak azaldu digunez zinema sozialen jarrita dago fokua baina edizio honetan ere jasangarritasunera bideratu dute, jaialdi “iraunkorra, digitala eta feminista” izan dadin.
Feminismoari heltzeko bide horretan CIMA emakume zinemagileen eta ikus entzunezkoen elkartearekin akordio bat sinatu du aurten jaialdiak. Gainera, egunero filmen emanaldiak hasi aurretik, 12 emakumek osatutako Goxo txarangak joko du kalejira batean.
Edizio honetan gehitu diren berrikuntzen artean ere aldaketa klimatikora bideratutako Meliton Berdea saria batu da, baina hori ez da nabarmendu beharreko nobedade bakarra. Mateosek adierazi duenez sarien materiala ere aldatu da jasangarritasunaren mesedeetan eta paperezko sarrerak eta egitarauak QR kodeez ordeztu dira.
Aniztasuna da protagonista beraz, eta zinema sozialaren ezaugarri den moduan, barne elkarrizketak eragingo dizkiguten lanak aurki dira edizio honetan. Bestalde, proiekzioak Condestablen, Iruñeako Antzerki Eskolan eta Katedralean ikusi ahalko dira. “Toki bereziak eta Iruñeako erdigunean ongi konektatutako” sedeak dira ikuskizunak eskainiko dituztenak.
Esperientzia berezi hontaz eta eskaintza zabalaz gozatu nahi baduzue, gogoratu, sarrera doan dela, baina gonbidapenak eskuratu behar direla www.navarrafestival.com webgunean. Edukiera bete arte sarrera librea izango da, baina badira saio batzuk jada bete beterik daudenak, beraz eskuratu zure gonbidapena lehen bait lehen.