Uzta goiztiarra eta mahats kilo gutxiago, baina kalitate gehiago

Euskalerria Irratia 2022ko abu. 16a, 12:34

  • Uda beroak eta prezipitazio faltak mahats-bilketa aurreratu du Nafarroako hainbat zonaldetan.
  • Nafarroako iparraldean oraindik goiz da uztaren aurreikuspenak egiteko.

Uzta inoiz baino lehenago hasiko da. Azken boladako eta batez ere udako prezipitazio eskasek eta tenperatura altuek mahats-bilketaren denboraldia aurreratu dute Nafarroako hainbat zonaldetan. Beroak eta euri faltak, mahatsen heltzea bizkortu du, batez ere Erriberan. Bertan, mahats pikorrak txikiak dira eta aurreikusitakoa baino kilo gutxiago bilduko dira. 

Aurrerapena aste bete edo bi astekoa izango da kasu gehienetan. Hala ere, mahats motak eta ardo motak baldintzatzen dute noiz hasten den bilketa. Nafarroako iparraldean kasu, oraindik ere pare bat aste falta dira uztaren norabidea erabakitzeko. Deierriko Aroa Upategiko Iñaki OIaberri enologoak adierazi du haiek ekoizten dituzten ardoentzat goiz dela.  Garnatxa, Tempranillo, Garnatxa zuria edota Ale Txikiko Moskatelarentzat kasu, datozen asteak erabakigarriak izango dira, eguraldia aldatu daitekeelako eta Deierrin mahats-bilketa udazkena aldera izan ohi delako. 

Aurreko urtean, 2021ean, 60 milioi kilo inguru bildu ziren eta aurten neurrizko jaitsiera edo antzeko kopuruak aurreikusten dira. Pandemiak eragina izan zuen sektorean, batez ere eskaintza eta eskaera desorekatu zirelako. Aroa Upategiaren kasuan ez zuten jaitsierarik nabaritu pandemia garaian, salmenta dibertsifikatuta izateari esker, “salmentak orekatuak dira, jatetxeei eta supermerkatuei saltzen diegu eta esportazioa ere egiten dugu”.

Salmenten oreka bilatzea ezinbestekoa da beraz; eta jasotako kilo kopurua murriztu bada ere, kalitateak gora egin du. Ur faltak mahatsen heltzea bizkortu duen arren, beroaldiari esker “onddoak ezta ere ezin dira hazi eta aurtengo uzta kalitate handikoa izango da, bilketa urriagoa bada ere”.

Parametro desberdinak hartzen ditu kontuan enologoak mahatsaren une aproposena aukeratzeko. Azukrea eta garratzaren arteko oreka, azala, tamaina edota lortu nahi den ardo mota dira haien artean gako. Nafarroa hegoaldean uzta aurreratu bada ere, kalitatea ona izango da eta iparraldean berriz, egoera aldatu daiteke eta goiz da uztaren aurreikuspenak egiteko.  

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!